XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Korporazioak, PNV ezik, Txurik jasandako jipoiak saiatzen zituen puntuaren alde jo zuen.

Udalak Txurik jasandako jipoia salatu du

EA-EuEren idatzi alternatiboa onartua izan zen eta PNV bi mozioen aurka azaldu zen.

Senideak positibotzat jo zuen erabakia nahiz berearekiko zenbait puntu ez azaldu.

Joan den ostiralean ospatu zen Udal Batzarrean Senideak elkarteak Txuri zarauztar presoak jasandako jipoiak salatuz aurkezturiko mozioa aztertu zen, HBk bakarrik eman ziolarik onespena.

EA eta EuEk emendakin bat aurkeztu zuten, azkenean hau irten zelarik aurrera.

PNVk bestalde, bi idatzien aurka eman zuen botua.

Imanol ARRUABARRENA

Senideak-ek aurkezturiko mozioaren azterketa Zarauzko presoen senideen azalpenarekin hasi zen.

Honela, Boni eta Txuri zarauztar presoen senideek hauek bizi duten egoera azaldu zioten batzarrari.

Txuriren anaiak jipoitua izan zen trasladoan gertaturikoaz zenbait datu plazaratu zituen.

Azaldu zuenez, Txuri zaintzen zuten Guardia Zibilek bi orduz egon ziren furgoian zarauztar preso hau kolpatzen eta mehatzatzen de aquí no sales vivo bezalako esaldiekin.

Bestalde, Granadako espetxean medikuren batek errekonozitzea ez zuela lortu, nahiz eta eskatu, eta Almeriako espetxean medikuak errekonozitu ondoren epailearen aurrean salaketa aurkeztu zuenean honek ahalik eta salaketa bigunena egin zuela azaldu zuen zarauztar preso honen anaiak.

Senideak-eko beste partaide batek elkarte honek talde politikoekin inongo loturarik ez duela eta presoek jasaten dituzten erasoak salatzera mugatzen direla azaldu zuen.

Gaineratu zuenez, beharrezkoa da Udaletxeak presio bat egitea horrelako gertaerak errepika ez daitezen.

Bukatzeko, Iñaki Trula preso ohiak errepresioa Estatuaren diseinu politiko baten ondorio dela adierazi zuen.

EA-EuEren emendakina

Alkateak, ondoren, Senideak-ek aurkezturiko mozioa dagoen bezala ezin zutela onartu eta EA eta EuEk emendakin bat bultzatuko zutela iragarri zuen.

Emendakin honek jipoiak salatzen zituen Senideak-en mozioaren hitzaurrea, eta Justizi Ministeritzari presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea eskatzen zuen hirugarren puntua ere, bere bertan uzten zituen.

Emendakinaren lehenbiziko puntuak berriz, zera adierazten zuen: Berriz esatea, giza-eskubideak zaintzearen aldeko dela eta bereziki herritar guztiek bizitzeko duten eskubidea zaintzearena.

Eta eskubide hauei dagokien esparruan indarrean dagoen legezkotasuna begirunerik haundienarekin zaintzearen alde dagoela.

Hurrengo puntuan, espetxe zuzendaritzari, aurrera daramatzaten eginbideak arintzeko eskatzea aldarrikatzen zen.

Eta azken puntua, berriz, Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeari eta Arartekoari, salatutako gertaera hauek iker ditzaten eskatzea zen.

Hitzak manipulatu

Interbentzio turnoetan PNVk bi idatziak onartezinatzat jo zituen egoera dinamika global batetan aztertu bait da adieraziz.

Bere esanetan onartezina da giza eskubide batzuen errespetatzea eskatzea eta besteena ez.

HBko ordezkariek normaltzat jo zuten PNVren jarrera, bere esanetan, PSOErekin batera gobernatu eta bere politika penitentziarioa onartzen bait du.

PNVk erantzunean, zera adierazi zuen: batzuk, besteen samina erabili eta hutsak manipulatzen dituzte.

Bozketan, EA eta EuEren emendakinak aldeko 9 boto jaso zituen, 3 ezezko, PNVrenak hain zuzen, eta 3 abstentzio, HBrenak.

Senideak-en idatziak bestalde, HBren 3 boto aldeko, 11 ezezko eta abstentzio bat jaso zuen.

Senideak-eko partaide batek positibotzat jo zuen onartutako idatzia nahiz eta emendakinan Senideak-en idatzian egiten ziren zenbait aipamen, trasladoena kasu, ezabatu, eta bestetik, ez onartu presoa bisitatuko lukeen batzorde bat sortzea.

Kabledis-en akzioak

Ostiraleko Udal Batzarrean beste puntu batzuk ere aztertu ziren, aipagarriena Udaletxeak Kabledis enpresaren 2.5 miloi pezetatako balioan akzio erosketa aurrera eramatea izan zelarik, erosketa hau, Udaletxea Kabledis-eko akzionista izanik, Iberkonta enpresak Kabledis utzi izanaren ondorio delarik.

Alderdi guztiek baietza eman zuten HBk ezik.

Azken honek Kabledis-en ildoak, egitasmoa eta funtzionamendua behar bezain argi ez daudenez, urtero diru kopuru bat aportatu behar izanaren aldekoak ez zirela agertu zuen.